XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Agian, irakurle, zail gertatuko zaizu hemen ematen diren argibideak eta argudioak hemen agertzen ez diren hitzei aplikatzea. Horrela bada, fida zaitez nitaz eta jakizu ildo beretik doazela denak, izpiritu berak gidaturik, hemengoak eta hangoak.

Orobat, Euskara batuaren ajeena baino, Euskara batuko hitzen ajeena da hiztegi moduko hau. Hots, alde batera utzi ditut ia erabat joskera hutsak, huts horiek, euskara batuarenak baino areago, euskararenak berarenak direlako, eta badaudelako horrelakoei buruzko liburuak.

Ezagutzen dudan onena Miren Azkareteren Hobekuntza ikastaroa da. Tamalez, oraindik ez da argitaratu, baina, eskuragaitza bada ere, ez da ezin eskuratuzkoa.

Izpiritu bat idatzi dut zenbait lerro gorago. Zein izpiritu? Euskararen batasunarena eta txukuntasunarena.

Bigarren mailako aldeak baztertuz gero, bi euskalki ditu gaur egun euskarak: Iparraldekoa bat, frantsesaren eragina nabari duena; bestea, Hegoaldeko euskalkia, errotik espainolaren mende dagoena, eta askoren aho-lumetan beste ezer baino gehiago chicano moduko * Chicano-a ingelesa ongi menderatu gabe ulertzen ez den espainol mota da, Estatu Batuetan erabiltzen dena, tinajera muerta vacuando carpeta edo te llamo atrás bezalako esaldiak dituena. Horrela besterentzen den hizkuntzaren hurrengo urratsa heriotza izaten da. Mestizaia delakoa beste gauza bat da eta maila eta egoera bertsuan dauden bi hizkuntza edo kulturaren artean soilik gerta daiteke. Bestalde, bada La cultura vasca izeneko libelo bat hala esaten dio egileak, interesgarria eta osasungarria oso, besteak beste espainolarekiko morrontasun hori, eta beherago aipatzen dudan naturaltasun falta, salatzen dituena. Interneten eskura daiteke bat dirudiena.

Gainera, itxura denez, berariaz bultzatzen da zenbait elkartetatik txikano moduko hori euskara tekniko gisa.